sábado, 24 de noviembre de 2012

Zazpigarren saioa

Gaurko egunarekin hasteko eta aurretik utzitako aurkezpenekin jarraituz, “Klik egin” taldeak bere lana aurkezten bukatu du, izan ere, azkeneko egunean ez zuten hau aurkezteko denbora nahikorik izan. Hori horrela, gaiari buruzko mamia galdu dugu hasiera batean, nahiz eta segituan gure burua gaian kokatu dugun. Aurkezpen honi erreparatuz eta tokatu zaien gaia kontutan hartuz (Eskola 2.0), lan ona egin dutela uste dugu, alabaina, gai honek eskatzen zituen puntu guztiak jorratu baitituzte. Hala ere, une batzuetan “astuna” egin zaigula ere aitortu beharra daukagu eta horregatik, dinamika falta nabaritu dugu, gure parte-hartzea bultzatzeko hutsunea sentitu baitugu.
Bigarren aurkezpenari dagokionez, “Ehunzangoa” taldea izan dela esan dezakegu. Talde honek Antzina eta Gaur egungo egoera konparatu eta azkenik, irakasleen eta ikasleen arteko konpetentziak azaldu dituzte. Aurkezpen osoa bideo baten bidez azaldu dute, bertan gelen, jolastokien, irakaslearen metodologiaren etab. konparaketak egin dituztelarik. Bideoaren antolaketa, aberatsa izan dela pentsatzen dugu, izan ere, musika eta testua tartekatu dute. Hala ere, bideoa jartzea eta beraiek ez hitz egitearen metodologia ez zaigu guztiz konbentzitu, honek kontrako zein aldeko aldeak dituelako. Kontrako aldeen barruan, bideoen bidez batzuetan gauzak “zintzilik” eta argi geratzen ez direla esan beharra daukagu eta beraien azalpenen falta sumatu dugu. Aldeko ezaugarrietan, aldiz, gaia lantzeko eta haria hobeto jarraitzeko aukera gehiago eman dizkigula uste dugu, aurkezpena eramangarriagoa eta atseginagoa egin baitzaigu.
Hirugarren eta azken taldeak, ebaluatzaile papera hartu dute eta beraien eginkizuna, gelakideen aurkezpenak eta hori burutzeko aurrera eraman den prozedura ebaluatzea izan da. Egia esan, orain arte ikusitako lanekin alderatuz, guztiz desberdina izan da, askoz ere dinamikoagoa. Talde honek, beste gela batera eraman gaituzte eta bilera antzeko eszenatoki bat planteatu dute. Guztiok, borobilean aulkietan eserita geundela, lanen garapena nola izan denaren iritzia eman dute, horretarako erabili dituzten ebaluazio irizpideak azalduz. Gero, irakasleari zein guri iritzia emateko proposamena egin digute eta egia esan, parte-hartzea arrakastatsua izan da. Alaitzek, bere ikuspuntua eman du eta  orokorrean egindako lana eta esfortzuarekin pozik dagoela ere aitortu egin du. Bere ustez, azkeneko emaitza ez da garrantzitsuena, baizik eta horraino heltzearen prozesua. Hori horrela, eta baieztapen hau aintzat hartuta, guztiz ados gaude Alaitzekin, izan ere, egin dugun aurkezpenaren atzean lan handia baitago eta hori kontutan hartu beharrekoa dela uste dugu. Bilera honetan eztabaidatu den puntu garrantzitsuena, talde bakoitzak aurrera eraman behar zuen lanaren materiala erdaraz egotearena izan da, gelakide askok zailtasunak baitituzte euskaraz ez dauden testuak ulertzeko. Oraingo honetan ere, gu guztiz ados gaude puntu honekin, gure taldekoek ere zailtasunak izan baititugu testuak ulertzerako orduan. Beraz, hau guztia dela eta, eta gure karrera euskaraz dagoela kontutan hartuz, aurrerantzean landu behar ditugun testuak euskaraz egotea aldarrikatzen dugu. Bestalde, badakigu testuak euskaraz lortzea kontu zaila dela baina badaude ere, hizkuntza honetan bilatzeko ahaleginik egiten ez dituzten irakasleak ere. Horregatik, nahiz eta lan zaila eta gogorra izan, irakasleen aldetik testuak itzultzeko interesa ikusi nahiko genuke, azkenean gu baikara lan hau egiten dugunak.
Bukatzeko esan, ondorio gisa, asko gustatu zaigula hirugarren taldeak aurrera eraman duen metodologia. Azken batean, taldeen iritziei esker, ikasgaiaren inguruko pentsamenduak konpartitzen ditugu eta hau gauzak beste ikuspuntu batetik ikustera eramaten gaitu. Hala ere eta nahiz eta eztabaida asko eman diren, etorkizunerako aberasgarriak zein baliagarriak izan direla pentsatzen dugu, guztion iritzia aintzat hartzeak pertsona moduan hezteko aukera ematen baitigu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario